Zainetaraino, libre izateko
Katixa Agirre
Non amaitzen da zarata eta hasten da musika? Belarriak badaki igartzen isiltasuna apurtzera doala, eta berehala kanta hasiko dela? Noiz amaitzen dira hitzak eta geratzen da mintza? Maparik gabe utzi gaituztenean, ze puntutan amaitzen da zibilizazioa eta hasten da basoa? Gu eta besteen arteko muga guk uste bezain zurruna da? Nola jakin ate bati joka gaudenean kanpotik edo barrutik ote gabiltzan? Ze momentutan konturatzen gara ustez gobernatzen dugun zaldia erotu dela eta hankaz gora joateko arrisku bizian gaudela? Non gaude hemen gaudenean, eta noraino luzatu behar dugu begirada han gaudela esateko?
Horrela galderak etorri zaizkit burura Olatz Salvadorren azken diskoa entzuterakoan. Orain arteko bere lanen artean elektronikoena eta basatiena. Mugak aztertzen dituen lana, dudarik gabe. Zainak eman izenburupean, gainera, sare semantikoa ezin aberatsagoa zabaltzen du astiro-astiro Olatzek, kanten barneko geruza eta sonoritate desberdinak zabaltzen dituen bezala.