Sugarren Mende liburuaren aurkezpena - Jimmy Jazz Gasteiz

SUGARREN MENDE liburuaren aurkezpena

 

Martxoak 11 osteguna

Ateak – 18:30

 

SUGARREN MENDE liburuaren aurkezpena eta hitzaldi ilustratua Asisko Urmenetarekin

Jimmy Jazz eta GEU Elkartea elkarlanean eskaintzen dugu Asisko Urmenetaren azkenengo album ilustratuaren aurkezpena.
Martxoaren 11n, arratsaldeko 18:30ean gonbidatzen zaituztegu Asiskok egingo duen hitzaldi ilustratu honetara. Sorgin-ehiza deitutako horri buruz asko idatzi bada ere, Asiskok ikuspegi berri bat ekartzen digu bere lan berrian.

Sarrerak doakoak dira izen ematearekin. Bete hurrengo galdetegia, eserlekuak mugatuak dira, azkar ibili eta bidali lehenbailehen.

 

Asisko Urmenetak Sugarren mende album ilustratua ondu du, Helena Xuriok egindako ikerketetatik abiatuta batik bat. Sorgin ehizek motibazio «politikoa» izan zutela azaltzea izan da helburu nagusia.

«Euskaraz, ez dago sorgin ehizaren inguruko monografiko seriorik». Asisko Urmeneta ilustratzailearenak dira hitzok, eta harena da, halaber, hori konpontzeko egindako lehen saiakera, Sugarren mende liburua, Helena Xurioren ikerketetatik abiatuta ondu duena, besteak beste. Gaiari buruzko edukiak erdaretatik jaso behar izateari ez deritzo «azaleko» kontua marrazkilariak, eta hortik Euskal Herritik ernatutako historiaren
errepasoa egiten duen lana, zeinari beste hainbat batuko zaizkion laster, Urmenetaren hitzei erreparatuta: «Narratiba nazionala behar dugu».

Erdaretako lan horien kontrapuntua litzateke, gainera, Urmenetaren obra berria. Izan ere, sorgin ehizen inguruan egin izan diren film eta erakusketa andanek elkartzen ziren pertsonengan jarri izan dute fokua, elkarketa horiek zergatik eta zertarako egiten zituzten argitzeko xedez, ilustratzailearen iritziz. Aldiz, egin beharreko galdera beste bat izan beharko litzatekeela azaldu du Urmenetak. «Anomalia ez da jendea elkartzea, baizik eta inkisidoreak Euskal Herrian egotea». Egoera hori azaltzea izan du jomuga, eta argia da atera duen ondorioa, Espainiako Inkisizioa pairatu zuten beste herrialdeetako ikertzaileekin bat egiten duena: sorgin ehizen oinarria «politikoa» izan zela, hain zuzen.
«Hainbat ikuspuntutatik iker daiteke gaia: sozioekonomia, generoa, erlijioa, politika… Lan hipotesi onartezin bakarra da sorginak zirela».