Miren Narbaizak bere bakarkako proiektuan sakontzen jarraitzen du. 2017an sortu zuen MICE, Napoka Iria, Perlak, Drumkopters eta Dual Split taldeetan ibili ostean. Bi argitalpen editatu ditu, izen bereko diskoa 2017an eta lau kantuz osatutako “Zilar printzak” EPa 2019an. Biak Joseba Baleztenak produzituak izan dira. Hirugarren lana 2022an etorri da. Joseba Baleztenak ekoitzi eta grabatu du Gakobeltz Hit Faktorian eta Forbidden Colours disketxeak editatu du. LAUTADA du izena duela urte batzuetatik bizitoki duen paisaia arabarrari erreferentzia eginez.
KOKEIN. Eibarko boskoteak Abenduak 2an kaleratuko du ATOMIKA, bere diskografiako zazpigarren erreferentzia. 8 abestiz osatutako disko honek bide eta soinu berriak esploratzen aritu direla erakutsi digu Ispiluari Begiratzean aurrerapenaren kantuan ikusi eta entzun bezala.
Diskoa CD eta LP formatuetan argitaratuko da fisikoki eta plataforma guztietan egongo da entzungai.
Ritxi Ostariz izan da oraingoan diskoaren azala eta diseinuaz arduratu dena. Bera izan da ATOMIKAren izpirituari irudia eman diona.
Eva Franco argazkilari zumaiarrak aldiz, taldea bera ATOMIKArekin ezin hobeto bateratu du diskoaren ideia pauso bat haratago eramanez.