KRISTONAK
Kristöri eskean ibiltzetik KRISTONAK izatera pasatu gara, edo hori sinestarazi nahi diogu geure buruari. Pandemiaren luzeak pitzatu egin gaitu fisikoki, emozionalki eta mentalki, hemen aipatuko ez ditugun hainbat motibogatik, eta taldea desegitea ere pasatu zaigu noizbait burutik momenturik beltzenetan. Halere, dena ez da txarra izan, egon dira gauza onak ere. Horietako bat izan da Donostiako Elkar Estudiora joan eta gordeta genituen kantu zirriborroei forma eta kolorea ematea. Etsita geundelako sartu ginen estudiora eta han gertatutakoak pilak kargatu dizkigu. Taldearen hastapenetako rock&roll zuzen, gordin eta ganberroena eman digu gorputzak, horixe atera zaigu, ia konturatu gabe. “Haitzean jaioak haitzera nahi” dio esaera zaharrak, eta zer esanik ez gu Arratiarron kasuan. Eta izen aldaketarena zer dela eta? Eziguzue eskatu erantzun transzendentalik, ez dizuegu emango eta. Rock&rolla egiten dugu eta kitto, kitto! Bueltan gaude madarikatuok!
NEVADAH
NEVADAHk-k hirugarren diskoa aurkeztuko du: “Still Goes On”. Zortzi kanta elektriko eta rockeroz osatutako lana Berrizko Lorentzo Records-en grabatu dute. Nevadah-ren zortzi urteko ibilbide honetan, lehen aldiz, euskarazko bi kanta sortu dituzte. Etapa berri hau, gainera, abeslari aldaketarekin dator. Ekhi Arrietak jarriko die ahotsa “Still Goes On” albumeko doinuei, taldeari aire berri bat emanez.
Hiru urteko geldialdiaren ostean, eta azken urteetako bizipenen ondorioz, kanta landuagoak zein ilunagoak sortu dituzte. Dena dela, garage soinuak eta rock klasikoa ere mantendu dituzte, Nevadah-ren sustraiei eutsiz.