EZPALAK taldeak GATZA laugarren diskoa aurkeztu du, Patana Records bere zigiluarekin autoeditatzen duen lehena, hain zuzen.
Urte hasieratik joan zen sortzen diskoa, Hortz Aina Hots bere aurreko lanaren bira-kontzertu baten eta bestearen artean. Zera dio taldeak: «Maketak egiten eta ideia-ekarpenak egiten joan ginen. Hasiera batean, EP labur bat izan behar zen, baina ikusi genuen gustuko abesti ugari genuela, eta diskoa egitea erabaki genuen».
Ezpalak ondo definitzen duen diskoa da; «orain arte egin dugun guztia biltzen baitu; riff ugari ditu, fuzz mendiak, sintetizagailuak, abesti atmosferikoagoak, baina baita indartsuagoak eta zikinagoak diren beste batzuk ere. Mugitzen garen bi munduen arteko disko orekatua da», argitu dute.
2024ko apirilean grabatu, nahastu eta masterizatu zuen GATZA Eñaut Gaztañaga Ezpalak taldeko kideak Gaztain Estudioetan (Zestoa). Bestetik, diskoaren azal ikusgarria Julia Urreaga Aizarnaren lana da.Gatza-ren aurrekaria dugu Lagunekin Zuzenean (2023) zuzeneko albuma; Baserrian Zuzenean eta Lokalean Zuzenean saioak disko bikoitz berri batean biltzen dituena. Hortz Aina Hots (2022) diskoari beste ikuspegi bat ematearren, entsegu-lokalean sartu eta disko honen zazpi abesti jo zituzten taldekideek zuzenean, honako kolaboratzaile hauekin batera: Xabier Bilbao (TOC), Cris Lizarraga eta Lore Nekane Billelabeitia (Belako), Gorka Urbizu (Berri Txarrak), Joseba B. Lenoir eta Miren Narbaiza (Mice), Ane Barcena (Pinpilinpussies), Jurgi Ekiza (Willis Drummond) eta RODEO talde osoa.Era berean, 2021ean Baserrian Zuzenean kaleratu zuen, hau da, Kolpatu Topatu (2021) diskoko sei abesti zuzenean jota, Euskal Herriko musikari ezagunekin: Joseba Irazoki (Joseba Irazoki eta Lagunak, Nacho Vegas, Rudiger…), Galder Izagirre (Dut, Kuraia, Berri Txarrak…), Josu Ximun Billelabeitia (Belako, Lukiek), Ane Barrenetxea (SUA), Paule Bilbao (Arima) eta Belén Sexpeare (Las Sexpeares).
RODEO Taldeak azken urtea diskoari eskeini ostean 7 abestiz osaturiko lan batekin dator. 2015 az geroztik, ehundaka kontzertu, europako eta asiako bira bana, 6 disko eta milaka bizipen dituzte bizkarrean Rodeo osatzen duten 4 lagunek. Bere azken diskoan, taldeak aurreko lanetan ez bezala sormen prozesu ezberdin bat bizi izan du. Lehen aldiz, kontzertuei arreta murriztu eta beraien arreta guztia diskoaren sormenari eskeini diote. Gainera, azken urteetan musika-estilo ezberdin asko entzun ostean, erritmo, armonia eta melodia anitzak landu dituzte, artistikoki inoiz baino gehiago irekiz. Hitzei dagokionez, aldi berean egoera pertsonal, sozial eta historiko ilun bat deskribatzen dute, hala ere egoera hau gainditzeko esperantzak tokia du diska honetan.