EZEZEZ itzuli da. Eta ez errepikatzeko. Kabakriba, dagoeneko plataforma guztietan eskuragarri dagoena, estudioko hirugarren diskoa da eta erosotasunetik alde egiten du; energia gordina, kosk egiten duten letrak eta genero ezberdiñen nahasketa basatia. Popa, punka, funka edota mugarik gabeko jazza hamabi abesti berritan, non Bilboko laukoteak bere soinuak ez duela mugarik baleztatzen duen. Tripekin egindako musika eskaintzen dute eta, sallkaezinak badira ere lelo bakarra dute: moldeak hausten jarraitzea.
Eta zer esan nahi du Kabakribak? Akronimo bat da, Katuzaldia Baino Kriatura Bakanagoak, eta hauen asmoen adierazpen bat. Izaki arraroagoak, askeagoak, gureagoak. Hustea, nork bere buruari aurre egitea, eta hortik bizitzea mundua. EZEZEZek sinbolismoz beteriko lan berri bat aurkezten du; bere iruditeria osatzen duten erreferentzia estilistiko eta tematiko ugarik presente jarraitzen dute disko berri honen izenburutik, baina sortzen, ugaltzen eta mutatzen doaz osatzen duten zati bakoitzean. Aurreko erreferentzien pultsu estetikoa mantentzen dute, baina errealitateari aurrez aurre begiratuz beste pauso bat ematen dute, definitzen dituen umorea, ironia eta poetika borrokalaria galdu gabe.
Alegia okerrak, egia kosmikoak eta gorputza, burua eta bihotza goratzen dituzten erritmoak itzultzen dituzten ispiluak: EZEZEZek birikien eta salhetsen arteko punturen batera egin du tiro, eta berriro asmatu dute.
Silitia Ibai Silicatok (Lekeitio, 1997) eta Xabier Barrutiak (Bilbo, 1999) osatutako bikote bizkaitar sailkaezina da, orain dela gutxi laukote bilakatu dena, Dani Artetxe (Bilbo, 1999) eta Adri Lorenzo (Bilbo, 1998) eransketarekin. Bertan, brioche pop gisa definitzen duten musikak, eszenaratzeak eta asmo artistikoak pisu orekatua dute. Estiloen arabera galdetzen badiezu, punky-funky-elektro-euskal-rock abestiak egiten dituztela esango dizute, baina, batez ere, Silitia proiektu poliedrikoa da, etengabe eboluzionatzen ari dena eta urrats bakoitzean harritzen duena. Bere proposamen estilistiko hedakorrak maisutasun harrigarriarekin nahasten ditu elektronika, post punka, funka, industriala, art rocka… eta horren gainean, melodia argi eta distiratsuak, pop klasikoaren estilorik puruenean.

