‘Gala Bedi’, herri mugimendua zoriontzeko jaialdia - Jimmy Jazz Gasteiz

GALA BEDI

‘herri mugimendua zoriontzeko jaialdia’

 

Maiatzak 18 ostirala

 

Herri mugimenduko eragile eta proiektuen topalekua izango da Hala Bedik maiatzaren 18an Jimmy Jazz aretoan antolatutako ‘Gala Bedi’. Lau sari ezberdin banatuko dira eta eragileak eta proiektuak proposatzeko aukera ireki du 35 urte bete dituen Arabako irrati libreenak.

Helburu nagusiak, beraz, eragile ezberdinen esperientziak eta proiektuak elkarbanatzea izango dira, jai giroa baliatuz Arabako irrati libreenak 35 urte bete dituela ospatzearekin batera. Denok ditugu beraz, zoriontzeko arrazoiak. Baina denok ere izango ditugu buruan baten bat konkretuki zoriontzeko arrazoiak. Hori dela eta, prozesu guztia ez da Hala Bediko kideen esku geratuko: guztiok izango dugu aukera arlo ezberdinetan lanean dauden edo lan egin duten eragileak edo proiektuak nabarmentzeko aukera.

Lau sari ezberdin banatuko ditu Hala Bedik:

  • ‘Halabeditarrak’ saria | Hala Bediko komisio edo talde bat nabarmenduko da.
  • ‘Herria bizirik’ saria | Ikasturte honetan nabarmendu den herri mugimenduko eragilea zoriontzeko arrazoi ezberdinak egon daitezke. Urteurrena ospatu duelako, errotzea lortu duelako…
  • ‘Utopia’ saria | Eragilea baino, proiektua izango da saritua. Azkenengo hilabeteetan eragile edo norbanakoek aurrera eraman duten proiektu nabarmendua azaleratuko da.
  • ‘Hala Mierda’ | Umorearen tartea irekiz, inoiz zorionduko ez genukeen pertsona edo talde horri ‘antisaria’ emango zaio.

 

Eta hautaketa prozesu hau ez du Hala Bedik bakarrik egingo. Lau sarietatik, azken hirurak jasoko dituztenak proposatzeko aukera irekiko dugu gaurtik martxoaren 18ra bitartean -lehenengo saria Hala Bediko jendeak erabakiko du-. Horretarako, jarraian aurkezten dizuegun formularioa bete dezakezue.

Datozen asteetan, egitarau osoaren berri emango du Hala Bedik. Aurreratu daitekeenez, gau guztian zehar musika izango da protagonista, ez soilik galan bertan.