Garai zailak dira, gure normaltasun hauskorra irauli dutenak. Musika taldeentzat ere hala dira, Izaki Gardenak adibidez euren “Dena oskol” diskoaren biraren azken txanpan ziren, oraindik jotzeko gogoz. Udaberriko eta udako kontzertu denak bertan behera geratu zitzaizkien eta kantu berriak egiten hasteko gorputzaldi eta animorik gabe, aparte utzia zuen gitarra Jon Basagurenek.
Bultzada bat behar zuen proiektuak, martxan jarriko zituen zerbait, eta Jimmy Jazzeko lagunen deia iritsi zen. Hain gertuko sentitzen duten aretoan taldeak streaming bidezko kontzertu bat eskaintzea zen plana, baina buelta pare bat emanda, are gehiago motibatuko zituen zerbait pentsatu zuten: kontzertuaren astean zehar Jimmy Jazzen bertan egonaldi artistiko moduko bat egin, kanta berriak konposatu eta hori jendeak etxetik ikusi ahal izango duen kontzertuarekin borobiltzea.
Ekainaren 8an beraz, hiru hilabeteren ondoren batuko dira berriz elkarrekin musika egiteko. Emaitza, ekainaren 14an 21:00etan arabatu.com webgunean. Taldea zuzenean ariko da, eta momentuan bakarrik ikusi ahal izango da. Hala ziren kontzertuak, ezta?