BULEGOk, hiru urteko ibilbidean Euskal Herriko erreferente bilakatu den eta euskal musikaren industrian aurrekaririk gabeko garapena izan duen taldeak, hainbeste espero zen bigarren diskoa kaleratuko du: ‘Aldatu Aurretik’.
Gazteako zerrendetan lehen postuan behin baino gehiagotan izan diren gipuzkoarrak euskararekiko konpromisoagatik eta eremu euskaldunetatik haratago euren musika zabaltzeko nahiagatik nabarmentzen dira. Aitzindariak izan ziren itxialdi garatik Euskal Herrian aire zabaleko lehen kontzertua antolatu eta eskaini zutenean. Euren estreinaldi pandemikotik berezitasunak lagun izan dituzte.
Hiru urteko ibilbidean, talde beteranoen esperientziak bizi izan dituzte, besteak beste, Japonian eta Finlandian biratu dute. 2023an, 15,000 ikusle baino gehiago liluratu zituzten Saguesen, Donostian, euskal musikaren eszenan duten indarra erakutsita. Euren musika-estiloak belaunaldien arteko popa besarkatzen du. Era berean, uztartze bereizgarri bat islatzen dute, hainbat audientziatan oihartzuna izan duena. Era honetara, musika-eszena garaikidean errekonozimendua lortu dute eta euren musikak hizkuntza-oztopoak hautsi ditu.
‘Aldatu Aurretik’ Euskal Herriko urteko diskoa izateko aukera handiak dituen lan kontzeptuala da. 10 abestiz osatuta dago, pop zuzena uztartzen duena eta edukiz betea dagoena. Zea Mays, Oreka TX, Ede eta Ginestà artistekin elkarlaneaneuskara, katalana eta gaztelania biltzen ditu azken lanak.
Diskoak aldaketa ardatz duen bidaia proposatzen du eta kantuz kantu gai honen inguruan hausnartzera gonbidatzen du entzulea. Tom letragilearen inspirazio iturri nagusia aitatasuna izan da, baita aldaketa horrek bere baitan loratu dituen sentimendu guztiak ere. Taldearen hitzetan, “diskoa bere bizitzan aldaketak pairatzen ari dituen edonorentzat idatzita dago, denak etengabe aldatzen ari baikara”.
Musikalki gipuzkoarrek aurreko lanetan baino soinu garbiagoa eta apaindura gutxiagokoa aurkezten dute. Modu honetara abestiak -melodiaz, letraz eta harmoniaz osatutakoak- benetako protagonistak direla argudiatzen dute. 10 abestien artean dantza-giroa iradokitzen duten kantak daude, hala nola, ‘Ardi Beltzak’ eta ‘Zurekin’. Bestetik, barnekoagoak diren abestiak ere nabarmentzen dira: ‘Ez nintzen Ni Izango, Esa No Sería Yo’ eta ‘Nondik Hasi’, besteak beste. Taldeak eremu berriak miatzeko ahalegina egin du, 2020an hasi zenetik denbora labur baina bizian hartu duen heldutasuna erakutsita.
Diseinua eta argazkia Andoni Beristainek egin ditu, BBK live edo Veuve Cliquot bezalako markentzat lan egin duen diseinatzaile eta argazkilari ospetsuak. Artista bisualak diskoaren muina azalean islatu du. Oso elementu gutxirekin diskoaren eta kantuen sentimendu orokorra argazki bakar batean laburbildu ditu.
Felix Davis soinu ingeniariak Londreseko Metropolis Studion masterizatu du (Dua Lipa, U2, Artic Monkeys, Ed Sheeran) eta Zestoako Gaztain estudioetan ekoitzi, nahastu eta grabatu dute Eñaut Gaztañagaren agindupean. Disko hau taldearen soinu eta ikusmen iruditerian oinarrizkoa izango dela iragartzen da.